Patataren mildiua eragiten duen onddoa lehendabiziko aldiz Espainian identifikatu dute

Patataren mildiua eragiten duen onddoa lehendabiziko aldiz Espainian identifikatu dute

Jose Ignacio Ruiz de Galarreta doktoreak zuzendu du Nestor Alor-en tesia.

Jose Ignacio Ruiz de Galarreta doktoreak zuzendu du
 Nestor Alor-en tesia. / Rafa Gutiérrez EL CORREO

  • Aurkikuntza Nestor Alor ingeniari agronomoaren doktore tesian lortutako emaitzen fruitua da.


NEIKER-Tecnaliako zientzialariek patataren mildiua eragiten duen Phytophthora infestans-en egitura genetikoaren azterketa egin dute eta Espainian lehendabiziko aldiz Blue13 genotipoa identifikatu dute. Identifikazioa mikrosatelite markagailuekin egindako genotipaketaren bidez egin da. Aurkikuntza Nestor Alor ingeniari agronomoaren doktore tesian lortutako emaitzen fruitua da; tesia Lleidako Unibertsitatean aurkeztu da, eta Jose Ignacio Ruiz de Galarreta doktoreak zuzendu du.
Phytophthora infestans-en Blue 13 arraza gaur egun Europan dagoen genotiporik erasokorrena da, eta Araba, Ourense eta Tenerifeko patata soroetan detektatu da. Mildiua eragiten duen onddoa bilakaera etengabean dago, eta orain dela urte gutxi arte zeuden baino aldaera askoz oldarkorragoak eta erasokorragoak sortzen ari da. Egoera horrek esan nahi du patata ekoizleek gero eta arazo gehiago izango dutela gaixotasunari aurre egiteko eta kontrolatzeko.
Horrez gain, NEIKER-Tecnaliako ikertzaileek ‘Misc’ izeneko beste bi aldaera identifikatu dituzte, Araban eta Cadizen hartutako laginetan. Aldaera horiek ez datoz bat orain arte Europan deskribatutako beste edozein arrazarekin, eta horrek esan nahiko luke dauden bi estalketa moten birkonbikazio sexualaren bidez sortu direla. Onddoaren bi sexu tipoen arteko gurutzaketa posibleak aldaketa garrantzitsua ekarriko luke Espainian patogenoak duen epidemiologiari dagokionez. ‘Misc’ izenaz identifikatu den isolatua Andaluziako Juntak Sevillan duen Landare Ekoizpen eta Osasuneko Laborategi batek egindako prospekziotik dator.




Iruzkinak