Bihotzari eskainitako platerak


Bihotz gaitzak saihesteko errezeta liburua osatu dute hainbat sukaldari eta kardiologok; Bilboko Zortziko jatetxeko Daniel Garcia sukaldaria dago parte hartu dutenen artean.

Dani Garcia, Zortziko jatetxeko sukaldaria.
Dani Garcia, Zortziko jatetxeko sukaldaria. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Azken urteetan gizartean bihotz arazoek gora egin dutela diote hainbat adituk. Eta horiei aurre egiteko, berebiziko garrantzia ematen diote elikadurari zein kirolari. Astelehenean ospatuko da Bihotzaren Nazioarteko Eguna, eta horri ekarpena egiteko asmoz, errezeta liburua osatu dute hainbat sukaldari eta kardiologok. Tartean, Bilboko Zortziko jatetxeko Daniel Garciak. Arazoa gertutik bizi du sukaldariak; gaitza du bihotzean, baina, dioenez, ez da horregatik okerrago bizi: «Bizipenetik ikasi, eta lehen baino gauza gehiago egiten ditut orain».

Bihotzarentzat osasungarriak diren platerak prestatzea ez da zertan aspergarria izan, haren arabera: «Produktuak ezagutu eta era konkretu batean prestatzea da kontua. Horrek ez du esan nahi elikadurarekin gozatzeari uko egiten diozunik». Oso hedatuta dagoen mitoa da hori. «Dietak egiten dituzunean, zure gustuetara moldatu behar dira. Horregatik, uste dut elikaduraz aritzean hitz bat baztertu egin behar dugula: debekatuta».

Dietak debekuarekin lotzeak eragin negatiboa sortzen duela uste du sukaldariak. Nahiago du, «ordezkatu» edo «saihestu» hitzak erabiltzea. Eta elikadura zaintzea bizitzari aurre egiteko izan beharreko jokaera dela nabarmendu du.

Bihotzarentzat pentsatutako menuetan, koipetsuak diren jakiekin kontuz aritu behar dela nabarmendu du. Dioenez, koipe aseak dira arriskutsuenak eta horien eguneroko kontsumoak kaltea eragiten du. Haragiaren adibidea jarri du: «Haragi gorria koipe eta guzti jateko ohitura dugu hemen. Prestatzean, gizen hori guztia urtu egiten da, eta jaki osoari egiten dio kalte». Hori jakinda, bestelako produktu batzuk erabiltzea proposatzen du Garciak: oilaskoa eta indioilarra, adibidez. Eta Euskal Herriko kostan dagoen arrainaren kontsumoari garrantzia eman dio: «Lurraldean kalitatezko produktuak ditugu. Horiek dira platerera eraman behar ditugunak».

Liburuan ageri diren errezeta gehienek intxaurra dute osagaien artean. «Fruitu lehorrak menuetan sartzea oso gomendagarria da, betiere neurriz». Eta Garciak proposatutakoaren osagai nagusia ere hori da. Intxaur saltsa da Garciak bihotzari eskaini dion platera. Sukaldaritza tradizionaletik jaso du Zortziko jatetxeko sukaldariak dakiena, baina moldatu egin ditu platerak: «Ez gara duela 50 urte bezala bizi, eta ez ditugu behar berdinak elikadurari dagokionez». Uste du garaiko beharretara egokitu behar dela aspaldiko errezetategi eta jakinduria hori: «Antzinako errezeta da intxaur saltsarena, eta tradizioz asko egin da hemen. Oso astuna da. Baina guk berritu egin dugu, garaietara egokitu. Berezko zaporeari eutsi diogu. Baina, arinagoa da. Eta digestioa egiteko ere, hobea da».

Digestioa klabea da, Garciarentzat. Janariak prozesu asko ditu, haren arabera: zaporea, itxura eta usaina. «Jan ondoren ondo sentitzen ez bazara, ez dituzu gauzak ondo egin». Irriz aitortu du bezeroak haren jatetxean jan ondoren berarekin oroitzen baldin badira, seinale txarra dela: «Nik esaten dut ez zaidala gustatzen egunean bertan nire bezeroak nitaz oroitzea. Horrek esan nahi du zerbait oker egin dudala». Behar baino gehiago jateak ere eragina du horretan. Hori ekiditeko, otorduetan mahaiaren bueltako tertuliak laburtzea jarri du neurri gisa: «Gaur egun, sozializatzeko gunea ere bada mahaia. Baina arriskua du horrek. Hor zaudela ez baitiozu jateari uzten».

Heziketari garrantzi berezia eman dio. «Gure gorputzarekin arduratsuak izan behar dugu», azpimarratu du Garciak. Kezkatuta dago egun gazteek dituzten elikadura ohiturekin: «Gizentasun arazo larriak ditugu haurren artean. Oso garrantzitsua da elikadura gaztaroan; ondo ohitu ezean, arriskutsua izan daiteke».

Garciak positibotzat ditu bihotz gaitzaren ondoren elikadurarekiko hartu zituen neurriak: «Neure egin nuen jakiak osasuna kontuan izanda prestatzeko prozesua. Eta pentsatu nuen: niretzat ona baldin bada, besteentzat ere hala izango da».

Iruzkinak