Culinary Zinema saila hirugarrenez egingo da Donostiako Zinemaldian

Culinary Zinema saila hirugarrenez egingo da Donostiako Zinemaldian

Zazpi pelikula proiektatuko dituzte zinema gastronomiarekin uztartzen duen sailean
Gina Kim korearraren <em>Final Recipe</em> filma.
Gina Kim korearraren Final Recipe filma. Z / BERRIA
2013-07-23 / Erredakzioa Berria.
 
Zinemaldiak, Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiak elkarlanean antolatzen duten Culinary Zinema sailak hirugarren aldia izango du aurten Donostiako Zinemaldian. Zazpi pelikula emango dituzte zinema eta gastronomiarekin lotzen diren sail horretan. Hiru erakundeetako zuzendariek adierazi dutenez —Jose Luis Rebordinos, Joxe Mari Aizega eta Thomas Struck—, aurten lehendabizikoz txartel bakarra jarriko dute salgai zinemara sartzeko eta ondorengo afari tematikorako.

Irailaren 21etik 27ra gastronomia ardatz izango duten nazioarteko zazpi film ikusi ahal izango dira: sei estreinaldi eta Alfonso Garauren Como agua para chocolate klasikoa (1992). Estreinatuko diren lanan artean daude Gina Kim korearraren Final Recipe; film horrek sukaldaritzako lehiaketa batera aurkezten den gazte baten istorioa kontatzen du; Teresa Fabrik suediarraren Love and Lemons komedia erromantikoa, eta Atsunori Kawamuraren Drops of Heaven dokumentala, zeinak 80 urteko sukaldari japoniar baten istorioa kontatzen duen. Horiek lehenengo hiru egunetan emango dituzte.

Bestalde, Trevor Graham australiarraren Make Hummus Not War filmak herrialde arabiarretan ohikoa den hummus plateraren jatorria aztertuko du. Era berean, Yuzo Asahararen A Tale of Samurai Cooking eta Amit Guptaren Jadoo ere emango dituzte. Como agua para chocolate filma, berriz, estreinatu zeneko hogeigarren urteurrena ospatzeko emango dute. Irailaren 26an ikusi ahal izango da Arauk Mexikon girotutako amodio istorio hori.

Filma eta afaria, txartel batekin

Sukaldari hauek parte hartuko dute afari tematikoetan: Arbelaitz jatetxeko Jose Mari Arbelaitzek, Ni Neu jatetxeko Mikel Gallok eta Josean Alijak, eta Uliako Begiratokia jatetxeko Ruben Trincadok. Gainerako afari guztiak Basque Culinary Centerren izango dira, euren jatetxeetan nahikoa lekurik ez duten sukaldariek euren aukera izan dezaten. Dani Lopez, Aizpea Oihaneder, Zuriñe Garcia, Gorka Txapartegi eta oraindik baieztatzeko dagoen Indiako sukaldari baten kasua da.

Sarrera bakar batekin filma ikusteko eta ondorengo afarira joateko aukera izatea nabarmendu du Aizegak, eta «zinema gastronomiarekin ezkontzeko modurik onena» dela esan du. Gainera, aste horretan hainbat sukaldariri eman zaizkien sei Michelin izarrak batera izango direla gogorarazi du. Truckek Euskal Herriko kultura gastronomikoa goraipatu du, eta garrantzitsuena artistaren ideiak «pantailan eta mahaian» erakustea dela adierazi du. Ideia hori Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialditik sortua da. Horregatik izan zen atzo aurkezpenean Struck Berlinaleko Culinary Cinema saileko zuzendaria. Sail hori zinema jaialdi lehiakor bat eta metro koadroko Michelin izar gehien duen hirian zinema eta gastronomia bateratzeko asmoz sortu zen, orain dela bi urte.

Iruzkinak